Image may be NSFW.
Clik here to view.Perlatxoa topatu digu gaur Txerrak, Instituto lingüístico de invierno blog interesgarrian jasoa: Richard E. Littlebear hizkuntzalari cheyenneak 1996an Ipar Amerikako hizkuntza natiboen egoeraz eta biziberritzeko bideez egindako gogoeta hain zuzen ere. Artikulu osoa irakurtzea merezi du (en, es), Txerrak zati bat ekarri digu, eta nik beste zatitxo bat hona euskaratuta:
Ameriketako indigenon hizkuntzak ahozkoak izan dira betidanik. Haietako batzuk azken hiru mendeotan idazten hasi dira. Baina gure hizkuntzak irakasteko orduan ahozko tradizio hori hartu behar dugu gogoan.
Batzuetan ahozko tradizoa ukatu eta itsu-itsuan jarraitzen diogu hizkuntzak irakasteko ezagutzen dugun eredu bakarrari: ingelesa irakatsi ziguten modua, gramatikari hainbesteko indarra ematen diona. Gure hizkuntzak ahozko tradiziorik ez baleukate bezala irakastea porrota ekarri duten arrazoietako bat da, beraz, orain porrotaren tradizioaren antzeko zerbait daukagu.
Porrotaren tradizio hori dela eta ez dela, gure hizkuntza gordeko duen edozerekin geratzen gara liluratuta. Ondorioz, orain gure hizkuntza ustez salbatuko zuten konponbide bakarren letania bat dugu orain. Konponbide bakar bat laster beste konponbide bakar batek ordezkatzen du.
Adibidez, gutako batek esan zuen: "Jar ditzagun gure hizkuntzak idatziz". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Egin ditzagun hiztegiak gure hizkuntzenak". Egin genituen hiztegiak eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Ondoren esan genuen: "Trebatu dezagun gure jendea hizkuntzalaritzan, gure hiztunak".Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Eska dezagun hezkuntza elebidunerako diru-laguntza". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Irakats ditzagun gure hizkuntzak eskoletan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Sor ditzagun kultur produktuak kalitatekoak". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Grabatu dezagun gure zaharren mintzoa". Egin egin genuen, eta hizkuntzek, hala ere, hiltzen jarraitu zuten.
Ondoren: "Bideoak egin ditzagun, gure zaharrak zer egin tradizionaletan gure hizkuntzak ahoan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero: "Jar ditzagun gure hiztunak CD-ROMean". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Azkenik baten batek esango du, "Izoztu ditzagun geratzen diren hiztun apurrak, honela teknologiak aurrera egiten duenean, haiek berpiztu eta hizkuntza natiboen hiztunak izango ditugu", eta egin egingo dugu eta hiztun hauek etorkizun urruneko mundu batean berpiztuko dira, euren hizkuntza dakiten bakarrak izango direna eta inork ez die ulertuko. Letania honetan konponbide bakoitzean gure hizkuntza salbatuko zuena ikusi dugu - eta hizkuntzak ez dira salbatu.
Kriogenia eta izoztea azken-azkenengo neurriak baino ez dira, jakina. Kontua da, irakaskuntza eta teknologiaren aurrerapen guztiarekin ere, eta harekin dugun menpekotasun gero eta handiagoarekin, gure hizkuntzak hiltzen ari direla oraindik. [...]
Ez da ezkorra Littlebear baina. Apur bat aurrerago hau dio:
Ingelesaren eraginari aurre egiteko, familiak hizkuntzaren lehenengo irakaslea izateko papera berreskuratu behar du. Eurek erabili behar dute hizkuntza egunero, edonon, guztiekin. Baina irakastea eskolaren gain utziko badute, sustengua eman behar diote hari, eta ahozkotasunean oinarritutako irakasbideak erabiltzen dituztela ziurtatu.[...]
Ezin dugu beti ibil negarrez, gure hizkuntzen heriotzaren arrazoiak katalogatzen, horren ordez, aurrera egin behar dugu hizkuntzen biziberritzeko ahaleginetan izan diren arrakastei erreparatuta.
Zer ikasia izango lukete gugandik? Ala guk haiengandik gehiago?
Argazkia: Athabascan Dance (toddraden Flickr-en)